Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. Civivox sareak 130 ikuskizunetik gora programatu ditu 2017ko lehen hiruhilekorako: musika-, antzerki- eta zinema-ikuskizunak

Civivox sareak 130 ikuskizunetik gora programatu ditu 2017ko lehen hiruhilekorako: musika-, antzerki- eta zinema-ikuskizunak

LaSal Teatro, La Shica, Xarnege eta Sergio Peris-Mencheta izanen dira protagonista aurtengo Eszenatokiak programaren barruan

Civivox sareak 130etik gora musika-, antzerki- eta zinema-ikuskizun programatu ditu 2017ko lehen hiruhilekorako. Hona hemen berriz ere Eszenatokiak programa -lau kontzertu eta zenbait obra eta errezitaldi-, Iruña Musika Ekintza -erritmoaz gozatzeko dozena bat emanaldi- eta Musync zikloa -hitzaldi eta kontzertuak-. Antzerkiak ere bere lekua izanen du, Nafarroako talde profesionalen eskutik eta, Antzerki Amateurraren VII. Jaialdiari zein eta Unibertsitate-antzerkiko XIX. hamabostaldiari esker. Poesia-jardunaldiak ere izanen dira otsailaren 20tik 23ra, eta generoa eta berdintasuna jorratzeko jarduera-sorta. Horrez gain, txikiendako berrogeita hamar bat jarduera eta lantegi programatu dira, haien sormena garatze aldera. Eta horrekin guztiarekin batera, hamabost erakusketa Civivox sarean, artea herritarrengana hurbiltzeko.

Horiexek dira Iruñeko Udaleko Civivox sareko programazioaren ildo nagusiak, 2017ko lehenengo hiruhilekorako. Sarrerak -ordaindu beharreko ikuskizunetarako- gaur jarriko dira salgai; Civivox sarearen bidez eros daitezke, bai eta 010 herritarrendako arreta telefonoan (948 420 100ean Iruñeaz kanpotik edo mugikorretik deituz gero) eta online ere (www.pamplona.es eta www.pamplonaescultura.es).

Eszenatokiak programaren ikuskizunak

Aurtengo Eszenatokiak zikloak LaSal Teatro, La Shica, Xarnege eta Sergio Perís-Mencheta izanen ditu protagonista. Programazioa otsailaren 4an, larunbatarekin, abiatuko da, LaSal Teatro konpainiak 1 eta 3 urte bitarteko haurrentzat eskainiko duen Sin palabras... Se las llevó el aire antzezlanarekin. Antzezpena Mendillorriko Civivoxean eginen da, eta bi saio izanen dira, 11:00etan eta 12:30ean. Otsailaren 25ean, larunbatarekin, De aquí a Lima fusio-ikuskizuna eskainiko digu La Shicak, Iturramako Civivoxean, 20:00etan.

Xarnegeren txanda izanen da martxoaren 4an, Euskal Herri eta Gaskoniako mugako musikarena, alegia. Kyklos kontzertua Sanduzelaiko Civivoxean eginen da, 20:00etan. Azkenik, Sergio Peris Mencheta aktore eta zuzendari ospetsuak itxiko du, martxoaren 17an, Eszenatokiak zikloa, Iturramako Civivoxera ekarriko duen A voz en cuello izeneko poesia- eta musika-ikuskizunarekin, zeinak oinarri hartzen baitu Mario Benedettiren El porvenir de mi pasado laneko kontakizun bat. 18:00etan izango da. Eszenatokiak programaren ikuskizun bakoitzerako sarreraren prezioa 6 euro da.

IME"17, Musync! eta Sarasateren ondarea

Musika zikloetan lehena, IME"17 (Iruña Musika Ekintza), urtarrilaren 23an hasi eta otsailaren 11n bukatuko da; IME"17 plataforma bat da eta aukera ematen die musika-ikasketak atzerrian osatu duten musikari gazteei ikasitakoa erakusteko. Hamar kontzertu, lantegi gisako musika-topaketa bat eta kontzertu didaktiko bat antolatu dira, Albéniz Fundazioarekin eta Artista Interpreteen Elkartearekin elkarlanean antolatutako programaren barruan.

Musync! zikloaren edizio berria eginen da, Nafarroako Goi-mailako Musika Kontserbatorioarekin elkarlanean, martxoaren 2tik 9ra bitarte: hitzaldiak, zuzeneko musika eta proiekzioak, lau saiotan. Jazz eta musika afrikarraren musika-estiloak jorratuko dira eta Iruñeko belle époque garaira bidaia eginen da.

Pablo Sarasate konpositore eta biolin-jotzailearen irudia zabaltzeko programa ere izanen dugu hiruhileko honetan. Joaquín Maya Musika Eskolako ganbera-musikako ikasleen entzunaldiak izanen dira, bai eta familiendako lantegiak, otsaileko eta martxoko larunbatetan, eta bisita gidatuak ere Kondestablearen jauregiko Museo Aretora.

Antzerki profesionala, amateurra eta unibertsitate-esparrukoa

Hirian antzerki-garaia izanen da urteko lehenengo hiruhileko honetan: eskaintza zabala eta Civivox sareko hiru ziklo. Teatreves. Antzerki-arratsaldeak zikloa Iturramako eta Mendillorriko Civivoxetan izanen da otsailaren 2tik 16 ra bitarte, non Teatro A Quemarropa, Producciones Maestras, Pasadas las 4 eta Atikus Teatro konpainia nafarrek lau ikuskizun -bat euskaraz- eskainiko dizkiguten.

Otsailean ere, 3tik 24ra hain zuzen, Nafarroa Eszenikoa antzerki amateurraren zazpigarren edizioa izanen dugu, Mendillorriko Civivoxean eta Uharteko Kultur Etxean. Guztira zortzi ikuskizun taularatuko dituzte Iruñeko eta Uharteko Udalak eta Nafarroako Antzerki Amateurraren Federazioak elkarlanean antolatzen duten programa jada finko honetan.

Martxoan, 1etik 15era, Unibertsitate-antzerkiko XIX. hamabostaldia izanen da, Nafarroako Unibertsitateko Kultur Jardueren Zerbitzuarekin elkarlanean; ziklo horretan lau konpainiak zortzi lan aurkeztuko dituzte Iturramako Civivoxean.

Kultura garaikidea, berdintasuna, poesia-jardunaldiak, hitzaldiak...

Aurten ere, Civivox sareak kultura garaikideari erreparatu eta Begiradak izeneko zikloa jarriko du abian, martxoaren 22tik 31ra. Musika, dantza eta inprobisazioa eta antzerkiarekin loturiko zenbait proiektu aurkeztuko dira bost ikuskizunen bitartez.

Halaber, genero eta berdintasunaren inguruko jarduera-sorta antolatu du Civivox sareak, Iruñeko Udaleko Berdintasunerako Planaren barruan. Hartara, zine-forumeko bost saio eginen dira, film hauekin: Hysteria, Persépolis, La casa de los espíritus, Grandma eta Con la pata quebrada. Saioak Iturramako Civivoxean izanen dira, astelehenetan, 18:00etan: urtarrilaren 16 eta 30ean, otsailaren 13 eta 27an eta martxoaren 20an. Zinemaz gain, beste saio mota batzuk antolatu dira, hala nola berdintasunean heztea hizpide hartuko duen hitzaldi-solasaldia eta berdintasunaren aldeko ipuin-kontalari lantegia.

Zinemarako beste tarte batzuk ere izanen ditugu, irisgarritasun unibertsaleko Ikusi, entzun... eta txalo egin programan (Retina Navarrarekin elkarlanean antolatua): Gilda, Babel eta Requisitos para ser una persona normal filmak. Horrekin batera, zinemagintzaren inguruko solasaldi-zikloa izanen da Iturramako liburutegian, non urtarrilaren azkeneko astean lau adituk aztertuko baitituzte zinemaren alderdi desberdinak, Nafarroako monarkiaren ikuspegitik hasi eta matematiketaraino.

Poesiarako tartea ere izanen da, Bestela esanda poesia-jardunaldietan. Jardunaldien seigarren edizio hau otsailaren 20tik 23ra izanen da. Topaketa-gune honetan poesia eta haren lengoaia liriko, musikal eta interpretatibo ezberdinak aztertuko dira. Nathan Read, Oskar Estanga, Mikel Sanz Tirapu, Josetxo Azkona, Ana Martínez Mongay, Iosu Moracho, Jon Barberena eta Iñaki Auzmendik hartuko dute parte, besteak beste.

Iruñean, 2017ko urtarrilaren 11an

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo

  • Technosite certifica accesibilidad según WCAG 1.0 del W3C/WAI con su Nivel de conformidad Doble-A
  • Estudio Intersectorial de Accesibilidad en la Web realizado por Discapnet
  • Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI